Crisis? What Crisis?

“Bizitzak etengabe aukera itzelak jartzen dizkigu aurrez aurre, egoera konponezinez ederki mozorrotutako aukerak, izan ere”.

 Charles Swindoll

            “Crisis? What Crisis? (Krisia? Zer nolako krisia?)” Supertrampek 1975ean argitaratutako album ospetsuaren izena, egoki baino egokiago suertatzen da artikulu honetan aurkeztu nahi dudanari izena emateko. Izan ere, garai hauetan, krisi hitza etengabe entzuten dugularik, eta eguneroko gertaerak errusiar mendian behera bezain azkar amiltzen diren unean; inoiz baino beharrezkoagoa da, nire ustez, une batez gelditzea, eta bizitzen ari garen guztiaz eta eraldaketa-aro honek benetan dakarrenaz hausnartzea. Komunikabideek birus pandemikoa balitz bezala aldarrikatzen duten krisia, zeri buruzko krisia da? Krisi ekonomiko soila al da? Zein da haren iturburua? Denentzat berdina al da krisi hau?

Krisi hitzak, grezierazko “krisis” hitzetik dator, eta aldaketa esan nahi du. Eta hori da, hain zuzen ere, begi bistan izan behar duguna, aldaketa beharrezkoa dela. Terapeuta garenok, badakigu, jakin ere, guztiz unibertsala eta ukaezina den egia hau: bizirik dagoen oro hazi eta garatu egiten da, krisi eta oreka ziklo jarraituen bidez. Izan ere, ibili ahal izateko desoreka behar dugu, oin bakoitzak, aldizka, oreka lortu arte ezegonkortasun une infinitesimal bat baitago. Eta hori ez da txarra, beharrezkoa baizik. Egoera hori gabe mugimendua ezinezkoa izango litzateke, eta mugitu ezean heriotza etorriko litzaiguke.

Beraz, krisialdiak aldaketa garaiak dira. Aldaketa guztiak izan daitezke, pertsonaren edota giza taldearen jarreraren arabera, garatzeko aukera ala zentzugabeko sufrimendua dakarren hondamendiaren gauzatzea. Uste ona ala beldurra, pertsonaren fraktala, unibertsoaren bi indarrak, haien arteko liskarra gizatasunaren irudian gorpuzten da . Jariakortasuna ala marruskadura.

Einsteinek zioenez, gizabanakoaren bizitzako erabakirik behinena hau da: kosmosa aldekotzat edo aurkakotzat hartzeko beharra. Hori da, hain zuzen ere, unean-unean, egunero, gure bizitzetan egiten duguna, hain zuzen ere, uste onetik edota beldurretik aritzen garenean.

Eta horrexek pozez betetzen nau bizitzen ari garen une global honetan: gure aukera dela. Are gehiago esango nuke, gure Aukera Handia da. Inoiz ez da hain gizaki-kopuru handia konektatuta izan, eta inoiz ez du hainbeste gizakik eskura izan non bizi garen ikusteko aukera, baita sistema nola dagoen antolatuta, nor diren haren arkitektoak eta zein diren horien benetako asmoak ere. Bidegurutze batean gaude. Bide batek aukera ematen digu gure biziei heltzeko, benetan nahi ditugun bezala eraikitzeko, eta haiekin nahi duguna egiteko: gure askatasunaren jaun eta jabe izanik, geure energiaren maisu izateko.

Hori dela eta, hauxe da nire galdera, zer-nolako krisiaz ari gara? Nire aburuz, Gezurraren eta Beldurraren krisia da. Antzeztokiaren atze-oihala igo da eta ezkutuan zegoena agerian gelditu da: gure oraingo erorketa ekonomikoaren eragileak dira haren onuradun behinenak. Argi antzematen diogu asaldura ekonomikoa eta sozialak erantzuten diotela, milimetrikoki, luxu handiko bulegoetan asmatu eta idatziriko sinfoniari. Altzairuzko arrainontzi moderno horien barruan, kristalezko talaia garai horietan, buztinlari nekaezinak gose dira beren oinetan gelditzen den guztia nahi bezala moldatzeko.

Errealitate ezaguna da korporazio multinazional handien (benetako estatuak eta botere faktikoak) zabalketa metastasi prozesuan gertatzen ari dela. Haientzat krisia ez da ez ausazkoa, ez zorizkoa, ez eta kudeaketa txarraren emaitza ere. Hori guztia gezurra da. Krisi hau taxututako prozesua da, piramidea estutzeko, gailurra eta oinarriaren arteko tartea handitzeko asmoz tankeratua. Gure energia nahi dute, eta, horrexegatik, gezurra, beldurra, zatiketa eta autokontrola bultzatzen dute.

Eta hori da, hain zuzen ere, gizakiok krisian jar dezakeguna. Giza harremanen sistema, inguruarekiko, naturarekiko eta beste izakiekiko harremanetan egoteko modua bertan behera utz dezakegu. Eta, horren ordez, beste bat eraiki are eta adeitsuago, askeago eta arduratsuagoa dena; lapurreta eta norgehiagokaren ordez elkartasuna eta lankidetza sustatuko duena, hain zuzen ere. Gure bizitzetan zerbait eder, harmoniatsu eta eraikitzailea egiteko eskubidea eta eskakizuna emango diguna.

Piramidearen sekretua:

“Maitasunak beldurra uxatzen du, eta, alderantziz, beldurrak maitasuna uxatzen du.
Eta, beldurrak maitasuna ez ezik adimena, ontasuna, eta edertasunari eta egiari buruzko pentsamendu guztiak uxatzen ditu; etsipen mutua baino ez da gelditzen. Eta azkenean beldurrak gizakia gizatasunetik kanporatzen du.”

Aldous Huxley

Adolf Hitlerrek, jendetza manipulatzeaz izugarri zekienak, esaten zuen nahikoa zela gezur bat behin eta berriz, ozenki, behar adina aldiz errepikatzea gezur hori egia bilakatzeko. Eta, zoritxarrez, hala da.

Gorputza ez bezala, adimenak zernahi zuritu dezake. Sinestarazi egin behar diogu, besterik ez. Eta hori, gehienetan, ez da zaila izaten. Behin adimena sinestarazita, pertsonak ezin izango du gezur hori zalantzan jarri, bereganatu egingo du, eta leial izango zaio, nahiz eta horrek bere bizitzaren hondamendia ekarri.

Eta horrek benetan zer esan nahi duen jakiteak onura handiak ekar diezaguke. Izan ere, goranahi botere gose guztiek jakin badakite goian egoteak berebiziko energiaren higadura dakarrela; baita badela hori eragozteko formula magikoa ere. Alegia, lortu behar da bakoitzak bere burua zelata dezala, bizilagunarekin fidagaitza izan dadila eta onar dezala “borondate oneko” elite agintariaren lana dela “bera salbu jartzea eta bere ongizatearen alde begiratzea”. Horrekin batera, menpekoak bere jabea biziki maita dezala eta hura bezalakoa izatea amestu dezala lortu behar da; bultzatu behar da, beraz, beldurra, paranoia, norberaren arduragabekeria, eta estereotipoak eta homogeneotasuna. Erraz antzeman dezakegu zelatariak ezin direla zelatatuak bezainbeste izan, irabazirik gabeko negozioa litzateke. Harreman piramidaletako egituren eraiketa estrategia ona izan daiteke arazo hori ekiditeko. Bakar batek pertsona asko kontrola ditzake eta energia gehiegi galdu gabe, negozio biribila.

Horrez gain, kontuan hartu behar dugu, gizakia, batik bat, izaki sinbolikoa dela, errealitatea interpretatu egiten duela, eta interpretatu ahala sortu egiten duela. Sinetsi ahala sortu, esaten zuen maisuak. Beraz, guztiz garrantzizkoa da inguratzen gaituen unibertso kuantiko hau gehien komeni zaigun moduan gauzatzea, denaren gainetik eta beste guztien gainetik ezarri nahi badugu. Gauzak horrela, nire estatusaren onerako ezinbestean giza errealitatearen ikuskera bat sortu beharko dut, nire gizarte estatusa naturaltzat onar dadin eta boterea bidegabeki eduki nahi duten jende talde murriztuak norabide batean hartutako erabakien zilegitasuna bermatzeko. Ikus dezagun nola egin daitekeen honako adibide honen bitartez.

Agian ezaguna egingo zaizu delako bizitzaren piramidea, “Lehoi erregea” (Walt Disney, 1994) filmean hain ederki azaldu zutena bizitzaren zikloa izenpean. Piramide horren arabera, errealitatea egitura hierarkizatua da, “indartsuak” “ahula” jaten du, eta egokitzapen estrategiarik onena baliabideak lortzeko norgehiagoka izango da.  Ustez, uste okerra, izan ere, baliabideak mugatuak direla. Hain zuzen ere, piramide-egitura hori animalien munduan ikusten da batik bat. Baina ez animalia guztien munduan. Ezagutzen ez baduzu ere, etologiak emandako irizpenek diotenez, espezie gehienak lankidetzan aritzen dira, eta gutxi batzuk lehiatzen dute beren artean. Eta ez du beti indartsuenak irabazten, hori ere gezurra da. Adibidez, ñua ez du beti lehoiak jaten. Batzuetan jipoi ederra hartuta alde egin behar izaten du lehoiak, kumearen gurasoek, lagunek, bizilagunek edota asaba zaharrek astindua. Egia da sabanan eta National Geographicek filmatutako biziraupenaren aldeko borrokan lehoi izateak ñu izatea baino abantaila gehiago duela. baina hori bai, horrek ez du ezer bermatzen ez eta ukaezin bihurtzen ere. Eta borroka hori animalien mundutik gizakion mundura estrapolatzeak, desberdintasunik izango ez balitz bezala, adimenaren alferkeriaren susmoa eragiten digu, edo nahitasun nabariaren seinalea erakusten.

Baina, zer gertatzen da sistema hori gure gain hartzen badugu? Zer gertatzen da bizitzaren berezko harreman mota hori dela onartzen badugu ? Berehala gure buruari sinestaraziko diogu gizakien artean ere hori dela ordena naturala, animalia-espezie bat besterik ez baikara. Ez al da erraza? Eureka! Dena bat dator. Horregatik existitzen dira txiroak eta aberatsak, herri “garatuak” eta “hirugarren mundukoak”, elite boteretsuak eta baztertuak, handiputzak eta gizajoak. Areago, baliabideak mugatuak direnez, eta indartsuak beti irabazten duenez, zilegi da berez nirea ez dena espoliatzea. Nire eskubidea da, jainkoak edo patuak oparitua. Nik ez dut ekintza bakoitzean edo pentsamendu bakoitzean erabakitzen nire energia indarkeriazko eredu hondagarrien arabera erabiltzea, gertakizunen ordena naturala jarraitzen dut. Erantzukizunik ez, beraz, harrapaketa normalizatu honetan. “Jokoaren arauak” onartzen ditut, horiek baitira, hain zuen ere, existitzen diren bakarrak. Eta ez bazaizu gustatzen, hor konpon. Nire adiskide brasildar batek zioen bezala “mugi, errenkada aurrera dabil eta”

Era berean, milioika gizakik gezur bat egiatzat hartzen dutenean gezurra egia bilakatzen da. Horrek berekin zer duen ulertu beharra dago, oinarrizkoa eta ezinbestekoa baita. Mundua gobernatzen duten familia gutxiek ezin dituzte zazpi mila milioi buru behartu haiek nahi dutena egitera, baldin eta ez badiete sinestarazten ordena hori bakarra eta kuestionaezina ez ezik beren onerako ere badela. Haientzat berebiziko garrantzia du gizaki bat baino gehiago dagoen une-gune orotan elkarbizitza piramidal hierarkizatua natural balitz bezala ezartzea: norgehiagoka, arduragabekeria, goranahia eta gezurra saritzen dituen sistema; beldurra heziketarako baliabide gisa, menpekotasuna harreman gisa eta indarkeria gatazkak konpontzeko oinarrizko mekanismo bezala erabiltzen duena. Berdin dio noren bitartez lortzen den buru-jate hori, imanak, gotzainak, kazetariak, zientzialariak, aktoreak edo kirolariak egiten duen. Mezua leku guztietan sartu beharra dago, hori da axola duen bakarra, piramidea da harreman modu bakarra, hori da azalean irarri beharra dagoena aztarna genetikoa utzi arte belaunaldiz belaunaldi heredatua izan dadin.

Beha ezazu inguratzen zaituen mundua, eta egitura hori nonahi ikusiko duzu: lanean, familian, koadrilako lagunen artean, kirol txapelketetan. Egunerokotasunetik globaleraino, piramidea han dago, ezarria edo ezarria izateko bortizkeriaz saiatzen. Zenbaitetan inposaketa horren hartzaileak gara, baina, hainbatetan – eta horretan bizitza doakigu- horren eragile gara, automata arduragabeak. Horrela, isilpeko aginduz aritzen gara, mundu bidegabe hau behin eta berriro eraikitzen, hezi gaituzten ereduaren arabera, balio dezakeen eredu bakarra dela ustez. Monoteista gara, jakin gabe. Laneko, eskolako, etxeko jainko piramidal, sozial, natural horren adoratzaile bihurtuak. Hori horrela da, eta areago, ezin baitugu irudikatu sistema horren benetako alternatibarik. Kartzelatik ateratzeko amesten duten presoak gara, baina kanpoan daudenean ez dakite zer egin askatasunarekin. Hona hemen erronka eta lehia: krisi garai honetan zer aukeratuko dugu? berdin jarraitu edo zerbait berria sortu? Beldurraren biktima edo Utopiaren arkitektoak? Mesedez, ez gaitezen miope izan krisia honetan datza: Gizakiak betiko infernuan bizitzen jarraitu nahiko du edo paradisua sortuko? Gure esku dago. Has gaitezen lanean.

Matrix-a sortzen: esklaboaren gogamena.

Zer da Matrix? Matrix toki guztietan dago. Gure inguruan dago. Orain ere bai, gela honetan. Leihotik begiratzen duzunean edota telebista pizten duzunean ikus dezakezu. Lanera zoazenean senti dezakezu, edota elizara joaten zarenean, edota zergak ordaintzera joatean. Munduak zure begiak alderatu ditu egia ikus ez dezazun.-Morfeo.

Ze egia?- Neo.

                                                                                   Matrix (Warner Bros, 1999).

Hala badirudi ere, gezur on bat sortzeko ez da arrazoiketa onik behar. Astoak hegan egiten dutela sinestarazi nahi badiogu norbaiti, ez diogu atomoen fisikaz edo grabitatearen legeaz hitz egingo. Hasteko, eta honek erabakiko du gezurraren arrakasta, txiki-txikitatik egoera emozional jakin batera eraman beharko dugu. Egoera horren arabera, pertsonak natural eta normaltzat joko ditu beldurra, larritasuna eta menpekotasuna. Horrek ezinbesteko bi ondorio ekarriko ditu: lehena, pertsona horrek energetikoki behe-maiztasunean bibratuko du; eta, bigarrena, heldugabe bilakatuko da, dudatsu eta, ondorioz, guztiz manipulatzeko erraza. Hortik aurrera nahi duguna esango diogu, egiatzat onartua izango baitu bere bizitzaren gezurrik handiena: bera ez dela gauza eta beti izango direla bera baino adituagoak direnak, eta horien babespean gorde beharko duela, kosta ahala kosta. Haren ikuskera eta bizitzaren itxaropenekin talka handiegi egiten ez duen azalpena bilatu beharko dugu, besterik ez. Eta horrelakorik izango ez bagenu haren bizitzaren ikusmoldea tankeratuko dugu. Bai mailaz mailako pozoitze informatibo jarraituaren bitartez (komunikabide handiak, kasu), bai bat bateko gertakari txundigarri eta traumatikoen sorreraren bitartez (shock delako kultura ezaguna). Azken horiek tximistak izango balira bezala, jendetzarengan larritasuna eta ikara sorraraziko dituzte, eta haien narrasti-burmuina abian jarrita, beren lider gurtuaren zaintza eta babesa bilatuko dute (horretarako ez dago krisi ekonomiko bat baino hobeagorik)

Nahikoa jendearekin arrakasta baldin badugu, taldearen errealitatea modu horretan gauzatuko da, eta piramidea, arestian esan bezala, normala bilakatuko da, ez ordea harmoniatsua edo orekatua. Ohikoena izango da, jende kopuru gehiena errealitate horren arabera biziko baita, disidenteak eta objektoreak, aldiz, arraroak eta marjinalak izango dira, izaki bitxiak eta ez fidatzekoak, zerbaiten errudun, auskalo zeren. Denok jakin beharko genuke normaltasunak eta orekak ez dutela zertan bat izan, onena onaren etsaia izan ohi den bezala. 

Eta horrela, taldeko asmoen mugimendu horrekin, konturatu gabe askotan, denok barne hartzen gaituen ikusmoldea sortzen da: Matrix-a. Zer da Matrix? Denok konpartitzen dugun sinbolo, ideia, ekintza eta erabakien multzoa, ados bagaude eta ez bagaude, gogotsu ala geldo. Denon artean sortzen dugun Tirabiren Kultura da, denok barne hartzen gaituena Ikusezinezko energia geruza balitz bezala, errealitatearen estimuluak bere ezaugarriez iragaziz. Matrix gure itsasoa da, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartua; eta gu, haren barruko arraiak, zabaldu egiten dugu errealitatearekiko tirabirak ditugunean, den bezala onartzen ez dugunean, alegia.

Horrela adierazita, ematen du zerbait monolitiko eta mugiezina dela, historiaurreko munstro antzeko bat, ezin dugula haren aurka borroka egin, txikiak garen aldetik ez baitugu nahikoa indar hura garaitzeko. Baina, bada sekretu bat ezagutu beharrekoa, borroka ez dago inolaz ere galdua. Egitura horrek, barne hartzen gaituen sareak, ahulezi bat du: entropikoa dela eta, ondorioz, oso ahula. Hori dela eta, gure energiaz elikatu behar da, beldurraren bidez, gure osasuna, zaintza eta garapen pertsonalaren utzikeria arduragabearen bidez. Bizirik dirau gu geu, nahita, harekiko konpromisoa berresten dugulako beldurrez, biktimakeriaz eta arduragabekeriaz jokatzen dugun bakoitzean. Gure gorputz eta arima behar du bizirik irauteko, baita gutariko bakoitza bere barneko mundu emozionaletik aldenduta zonbie edo automata antzeko zerbait bilaka dadila ere, ondorioz, inguratzen gaituenarekiko aldez aurretik ezarritako Pentsamendu Bakarraren irizpideen arabera jokatuz: egozentrismoa, biktimakeria eta tirabira.

Matxinada abeltegian: iratzarri eta amets egin.

“Bizidunen infernua ez da geroan etorriko: bada, dagoeneko hemen dago, eta bertan bizi gara egunero, elkarrekin gaudela taxutzen dugun horretan. Sufrimendua bi modutara saihestu dezakegu. Lehena erraza da askorentzat: infernua onartu eta bere parte izan ez ikusteraino. Bigarrena arriskutsua da, eta arreta eta ikasketa jarraitua behar ditu: bilatu eta jakin, infernuaren baitan, nor eta zer ez den infernua. Iraunarazi eta tokia eman.

 Italo Calvino (Hiri ikusezinak)

Behin puntu honetara iritsita, uste dut erraz ulertuko duzula esango dizudana: krisia ez da existitzen, gezurra da. Ez digute esaten, benetan, bizi dugun uzkurdura ekonomikoa eta gizartearen asaldaketa programatuta, iragarrita eta aurreratuta dagoela. Matrixaren jaun eta jabe direnak sarea jasotzen ari dira, eta sarearekin batera aurretik egindako inbertsioen interesak. Eta gu, arraitxoak, mugimendu honek jango ote gaituen arriskuan gaude.

Aitzitik, arraitxoek aldez aurretik aurreikusi gabeko zerbait egin dezakete: benetako krisia eragin, aldaketa sortu eta egoera globala era aurreikusi gabean konpondu, hain zuzen ere. Gure eskubidea eta betebeharra da botere faktikoen joko hau airean jartzea. Berebiziko aukera dugu, inoiz ez bezalakoa, piramidea apurtzeko eta beste zerbait bilakatzeko: zirkulu-egitura bat non puntu guztiek entzute berdina izango duten. Eta denok batera egin beharko dugu, kontuan hartuta, historia idazten hasi zenetik, ez dela inoiz izan hainbeste gizaki iratzarririk eta elkarren artean konektaturik. Eta, biologia eta fisika bezalako diziplinek egiaztatu bezala, aski da jende kopuru kritiko batek borondatea eta norabide argia izatea aldaketa gertatzen hasteko eta haize bolara fresko eta askatzaile moduan beste pertsonengana zabaltzeko.

Iratzarri beharra dago, kontzientzia hartu behar dugu non eta nola bizi garen jakiteko. Has gaitezen eskura, gertuen, dugun horrekin. Has gaitezen gure buruarekin. Buka ditzagun gure barruko borrokak, beldurra, amorrua eta gorrotoaren esklabo egiten gaituztenak. Manu Chaok zioen bezala, iraultza hori ez duzu telebistan ikusiko. Eta Gandhik zioenez, ez da bortitza izango. Ez dezagun ezer egin inoren aurka, gure alde baizik. Beraz, izan gaitezen arin eta paperezko zubiak zeharka ditzagun. Bila ditzagun gure ongizatea, duintasuna eta energia.

Jar dezagun piramidea hankaz gora. Nola? Iratzarrita. Gure existentzia eta energiaren jaun eta jabe izaten hasita. Hona hemen zenbait iradokizun:

1.- Zabal ezazu zure kontzientzia eta aurki itzazu zure amarruak, zein dira zure izaeraren mekanismoak egoera eta harreman hondagarrietan enkistatuta jarraitzeko? Hausnar ezazu zer bizipenak oztopatzen zaituzten eta sufriarazten dizuten eta egin ezazu zerbait egin dezakezun pertsona bakarrarekin: zure buruarekin. Nola? galdetu iezaiozu zure buruari zer ari zaren jartzen harreman horretan trabatuta jarraitzeko. Barruko zerbait izan daiteke, isila, baina ziurrenik energetikoki oso astuna. Alda ezazu zure asmoa horrekiko eta bila ezazu zure ongizatea borroka horretatik aldenduz. Garaile bakarra borrokan ez dagoena baita.

2.- Ez ezazu egiatzat har zure barruan sentitzen ez duzun ezer. Zeu zara zeure maisu bakarra, baina oso urruti ibili zara. Zure buruarekin bat egin behar duzu, zure buruarekin berriro hizketan hasi behar duzu. Jakin behar duzu zer den zure alde zaharrak, jakintsuak eta sakonak (inkontzientea, alegia) komunikatu nahi dizuna, une oro bideratzen zaitu eta. Izan zaitez zure buruaren lagunik onena, alegia.

3.- Donetsi ezazu zure ongizatea eta gozamena, eta fin eta dotore jokatu zure buruarekin. Ez itzazu zure nahiak ikuspegi mental eta estereotipatu batetik eraiki, baizik eta zuk zeuk bizi duzunetik. Alegia, zerbait gaizki badoakizu zuretzat txarra da. Saia zaitez beste zerbaitekin, nahiz eta beste inork ez horrelakorik egin.

4.- Emozioa beti da iparrorratza. Sentsazioa iparra da: irekitzen, lasaitzen eta munduarekin konektatzen zaituen guztia ona da zuretzat, zalantzarik gabe. Aldiz, toxikoa da baldin eta itxi, isolatu eta zure buru berritsuaren ziegan preso bazaitu.

5.- Beldurra da gure aholkulari txarrena. Kasu egiten diogun aldiro indartu egiten da eta, ez ahaztu, oinarrizko hiru elikagai ditu: klandestinitatea, isolamendua eta geldotasuna. Beraz, parteka ezazu, adierazi, ez ezazu zure burua juzka eta ez juzka besteak. Eta, garrantzizkoena, izan zaitez zure bizitzaren gidoilaria, zuzendaria eta protagonista.

6.- Ez inori utzi zure arreta osten. Kasu honetan arreta eta energia gauza bera da. Zure energia erabiltzen ez duzunean zure helburuak lortzeko, orduan, nahiz eta jakin gabe izan, besteen helburuak asetzeko xahutzen ari zara. Argi ibili eta mugi.

7.- Ezbaian jar ezazu den-dena, eta, batez ere, zure burua. Eta oker banago? Eta okerreko alderdiko kidea banaiz? Horrek ez du esan nahi konpromisorik ez duzula hartu behar; bai ordea, adi egon behar duzula bertan gozo ez gelditzeko. gero eta hobeto ezagutu zure inertzia hondagarriak, orduan eta gaitasun handiagoa izango duzu horiek gobernatzeko. Gure bizitza osoan lagunduko gaituzte.

8.- Ikasi zertan diren desberdinak ongizatea eta euforia, alde batetik, eta tristezia eta depresioa, bestetik. Ongizateak eta tristeziak lasaitu egiten gaituzte eta gure zentrora bideratzen. Euforiak eta depresioak, aldiz, asaldatu egiten gaituzte, arreta galarazten eta ahalmena kentzen; izaki heldugabe bihurtzen gaituzte, inguratzen gaituena modu irrealean ikustarazten digute, eta konpultsibo eta manipulatzeko errazak bilakatzen gaituzte.

9.- Hemen eta orain bizitzeko konpromisoa hartu. Hori baita existitzen den bakarra. Eta zure burua asaldatzen baldin bada, isildu ezazu sentsazioen, zentzuen edo arnasketaren bitartez, arreta horietako batean jarriz.

10.- Egunez egun ahal duzun guztia egizu, ez gehiago, eta ez espektatibarik izan. Ez suposatu, suposatzen duenak frustratua sentitzeko aukera asko gehiago baitu.

11.- Laguntza eskatu behar baldin baduzu. Negar egizu beharrezkoa denean eta ahul azaldu hala bazaude. Izan ere, indarra egokitzapenerako gaitasunean datza, ez aldaketen aurreko zurruntasunean. Bizirik dagoena malgua da; hilik dagoena, gogorra.

12.- Errealitatearen azalpen korapilatsuak baztertu. Egia erraza eta xaloa izaten da beti, eta guztien esku. Eta, ulertzen ez baduzu, kontatu nahi ez dizutela seinale. Eta, oroz gain, ezagutu zure Egia: nor zaren, nondik zatozen, nora zoazen.

            Azkenik eta amaitzeko, zertzelada batzuk eman nahi nituzke taldeko harreman alternatiboak diseinatzeko orduan kontuan har genitzakeen zenbait irizpideak iradokitzeko:

            1.- Harreman mota berriak bizirik egon beharko dute. Hau da, harremanen egiturak edo metodologiak ez du inoiz lehentasunik izango taldearen funtzionamendu onaren edo talde-egituraren ondoan. Hau da, burokraziarik ez. Ausartak izan beharko dugu eta soil-soilik aberasten eta sustatzen gaituzten egituren alde egin beharko dugu. Hori dela eta, heriotza bizitzaren ondorengoa dela onartu beharko dugu, eta aldi berean haren aurrerapena. Erakundea ezin zaio funtzioari lehenetsi, ez eta sortu zeneko helburuari ere, eta horregatik iraungitze-data izan beharko du, nahiz eta data hori atzeratu ahal izango den.

            2.- Talde batek funtzionatuko badu kide guztien konpromisoa hartzen duen egitura osatu beharko du, eta horrek honako hau ekarriko du, bederen:

Kide guztiek izango dute adierazteko eskubidea, baita juzkurik gabe entzunak izatekoa ere;

Konpromisoak bete egin beharko dira eta egitura osatzen duten kideekiko begirunea eskatuko da;

Edozein erabaki berraztertu ahal izango da, noski, baina berraztertze hori modu agerian proposatu beharko zaie kide guztiei eta ez “sekretupeko bileretan”, pasilloetan. Argitasuna, gardentasuna, horizontaltasuna eta lanean demokrazia;

taldeak norbanakoa sustatu eta hornitu egiten du;

taldeak kide bakoitzaren autonomia bultzatzen eta onartzen du;

taldeak kide bakoitzari eskatzen dio bere bizitzarekin zerbait arduratsua eta eraikitzailea egiteko; zerbait hori norbanakoaren erabakia izanik.

taldeko kide guztiek lankidetzan arituko dira, alderdien agerpena saihesteko;

eta, azkenik, taldeko kide guztiek bete beharko dituzte taldeak eskatzen dizkien funtzio guztiak.

            3.- Egoera edozein dela ere, honako hau erbesteratu beharra dago: beldurra heziketarako tresna gisa, menpekotasuna harreman mota bezala, eta bortizkeria eta proiekzioa gatazkak konpontzeko funtsezko mekanismo gisa. Gizakiok, oroz gain, izaki irudimentsuak eta sortzaile handiak gara. Azkarrak izan gaitezen, beraz, eta bila ditzagun arazoak konpontzeko bide berriak, zero tirabira (hau da, zero sufrimendua) eta nahi dugun xedea lortzeko asmoa dutenak.

            4.- Mekanizismoa gogamenaren alferkeria eta energiaren buxaduraren sintoma da. Eta, bizidunen garapenaren aurkakoa denez, erbesteratu beharra dago. Paradigma piramidalaren adierazgarririk behinena da eta, ondorioz, biziaren kontrakoa.

Ondorioa:

            Une magiko batean gaude, hitzaren zentzurik errotikoenean, hain zuzen ere. Dena da posible egun hauetan. Ezegonkortasuna hain handia izanik, aukera badugu arazo zaharrei erantzungo dieten konponbide berriak saiatzeko. Beraz, ausartak izan gaitezen eta baikorrak, eta utopia bila dezagun: denontzako mundu hobea, adeitsua eta abegitsua, eta mundu hori duin bihurtuko duen bakoitzaren konpromisoa har dezagun, errealitatearen gainetik irristatzen diren gizaki arduratsu bezala. Gertakizunak surfeatzean astuna dena arin bilakatzen dituztenak, eta dramatikoa dena, dibertigarri. 

            Izan gaitezen gure ama eta gure aita. Gure adiskiderik minena. Mundua, nonahi dagoela, gure etxea izan dadila, gure tribu. Gezurra lotsa izan dadila eta Egia ordaina.         Ausarta izatea ez da beldurrik ez izatea, beldurra zeharkatu dezakegula jakitea baizik.

            Bidaia ona izan eta 2.012. urte on.

“Beldurrak gogamena hiltzen du. Beldurra heriotza txikia da, erabateko hondamendira

 daraman heriotza. Beldurrari aurre egingo diot. Baimena emango diot

ni eta nire gainetik zeharkatzeko. Eta zeharkatu ondoren,

 nire barneko begia biratuko dut haren bidea

arakatzeko. Beldurra zeharkatutako

lekuan ez da ezer izango.

Ni neu bakarrik

egongo naiz.”

      Bene Gesseriten letania beldurraren aurka – Dune (Frank Herbert)

Scroll to Top