“Sentitzen dut, beraz, banaiz”

“Utz iezaiozu zure akatsen ondorioen atzetik korrika egiteari eta zintarrian eseri.

So egiozu bizitzari datorren moduan”.-

ZsorianArkäin

Euriborraren misterioa, krisia eta klima-aldaketa.

            2.007an emakume bat etorri zitzaidan kontsultara antsietate-krisi larria zuela. Emakumea, Veronica izena jarriko diogu, berrogei urteko emakumea zen, ezkonduta zegoen, eta hiru seme zituen. Klase ertain-altuko aberatsek izaten duten ohiko bizimodua zuen. Zenbait lursail eta negozioren jabea zen, eta, arkitektura ikasketak egin bazituen ere, garai hartan bere negozio batean lan egiten zuen.

            Veronika guztiz atsekabetuta eta ikaratuta zegoen garai hartan euriborrak izandako igoera geldiezina zela eta; komunikabide guztiek, behin eta berriro, une oro, aldarrikatzen zuten albistea. Horrek antsietatea pizten zion, beldur baitzen, kasurik onenean, bere etxeko hipoteka-mailegua ordaintzeko diru nahikorik ez izatekotan bere ondasunak saldu beharko ote zituen, edota, kasurik okerrenean, kale gorrian lo egiten bukatuko ote zuen hor nonbait aurkituko zituen Balay kaxen artean.

            Ohi dudan bezala, iraganeko oroitzapenak eta oraingo bizipenak tartekatuz[1] lan terapeutikoarekin hasi ginen. Horrek lagundu zigun bere haurtzaroko abandonu bizipen hunkigarri eta jarraitua agerian uzten. Lotura horrek lagundu zion une hartan bizitzen ari zen zenbait egoera ulertzen eta antsietate-maila bideratzen bizimodu normala egin ahal izan zuen arte. Halere, Veronicak lan terapeutikoarekin aurrera egin, eta inkontzienteak ematen zion informazioan sakondu nahi izan zuen. Handik gutxira “dezelerazio ekonomikoa” hasi zen, oraingo lur-jotze sistemikoaren aitzindaria, eta berriro ere guztiz desorekatu zen. Saio batean, krisi betean zegoenean, Veronikak kontu interesgarri bat aipatu zuen. baziren aste batzuk euriborraren kontua guztiz ahaztua zuela, are gehiago, ez zuen ez kalkulatzen ez haren egoeraz informatzen. Halere, obsesioak jarraitzen zuen, oraingoan, krisia zela eta. Horretaz jabetzean harrituta gelditu zen. Esan zidan hamar urte lehenago horrelako larritasun berdina sentitu zuela klima-aldaketaren kariaz. Une horretan gelditu egin zen, arretaz so egin eta galdetu egin zidan ea zer zen igarkizun hori. Zer lotura zuten euriborrak, krisiak eta klima-aldaketak eragindako larritasunek? Eta, zer zela eta batetik bestera ibiltze hori?

Sistema konplexua inguruarekiko etengabeko elkarreraginean: Gizakia

            Norberaren emozioa kudeatu eta zuzendu, hori da nire prozesu psikoterapeutikoetan lantzen dudan alderdi nagusiena. Norbera ez bada bere emozioaren eta energiaren jabe, beste guztia berdin zaio; izan ere, gizakia izaki emozionala baita.

            Nire ikuspegitik, gizabanakoak oinarrizko lau ardatzen inguruan garatzen gara: gorputza, adimena, energia eta emozioa. Ardatz horiek egituratzen, moldatzen eta zentzua ematen digute. Gizatasunaren lau errealitate horiek orokorrean errealitate deritzogun maiztasunen korapiloa txirikordatzen dituzten energia-indar adimenduen irudi fraktala baino ez dira. Indar horiek beren dantza mikromakrokosmikoan zerua eta lurraren artean dagoenaz jabe egiten dira, gutaz, alegia.

            Hipotesi horrekin jarraiki, bi baieztapen ezarriko ditut. Lehenak, nahiz eta artikulu honetan ez garen horren inguruan arituko, hauxe dio: gizakia energia adimendun horrek zeharkatutako eta baldintzatutako adierazpena eta alter egoa da. Eta bigarrena, ez hain abstraktua, hauxe da: lau dimentsioak etengabeko elkarkomunikazioan dabilen sistema konplexua osatzen dute. Hau da, subjektua eta estimuluaren arteko topaketatik sortutako emozioak beste hiruetan islatuko dira. Esate baterako, emozioa tinta balitz; gorputza, adimena eta energia liburuak izango lirateke.

Aipatutako sistema konplexua funtzionala izango bada, eta osasuntsu iraungo badu, lau ardatzen arteko harremana, baita bakoitzarena berekin ere, harmoniatsua izan beharko du (eta, islaz, baita bere ingurunearekin ere). Hau da, bizipen batek, barnekoa ala kanpokoa izanda, subjektuari talka emozional esanguratsua eta nahikoa eragiten badio, nolabait islatuko da, bai haren gorputzean, bai adimenean, edo baita eremu energetikoan ere. Eta, ondorioz, subjektu horrek sintomatologia organikoa gara dezake, nahiz eta jatorriz emozionala izan. Beraz, edozein sintoma eta gaixotasun sistema osoaren oreka edo harmonia ezaren adierazlea da, eta ez besterik. Ikuskera honen arabera, sendaketa prozesu integrala izango litzateke osasuna berreskuratzeko asmoz, bai maila biologikoan, bai psikologikoan, bai energetikoan baita emozionalean ere. Adibidez, asma-krisi bat egoera estresagarri baten ondorioa izan daiteke, une horretan pertsona horrek funtzionalki konpontzen ez dakiena. Horren aurrean, aipatutako pertsonak, sistema osoa izanik, gainerako estresa xurgatzen eta kudeatzen duen sintoma organikoa bilakatuko du. Ez dugu ahaztu behar sintoma bakoitza pertsonaren halabeharrezko saiakera dela, ahalik eta oreka mailarik handiena berreskuratze aldera.

Adibide hori behar bezala ulertu ahal izateko, beste azalpen bat behar da. Nolatan, bada, somatizatzen da gatazka emozionala asma-pizte moduan? Hori argitzeko asmoz, bi kontzeptu argitu behar ditugu: bata, alorraren kontzeptua eta, bestea, gertaera azkartzailearena. Pertsona bakoitzaren biografiaren arabera, eremu bio-psiko-energo-emozional bat garatzen da, eta horren arabera, pertsona bakoitzak aukera gehiago izango du bizipen gatazkatsua gorputzaren, adimenaren ala eremu energetikoaren bitartez xurgatzeko. Badakigu zenbait izaera-egiturak aukera gehiago dutela bihotzeko gaixotasunak garatzeko eta beste batzuek endekatze prozesu autoinmuneak izateko.

Gure eta gure leinuaren historia idatzita daramagu gorputzean, gure psikean eta gure bibrazio energetikoan. Eta horrek guztiak gure alorra osatzen du. Hortik aurrera, subjektiboki hautemandako errealitatearekin elkarreragiteko eta prozesatzeko modu horrek bizipenak jarriko ditu gure aurrean. Bizipen horiek eraldatu gaitzakete ala, bestela, blokeatu eta gainbeheratu, sintomatologia anitzeko aldaeren bitartez. Bizipen blokeatzaile horiek dira, hain zuzen ere, gertaera azkartzaileak.

Emozioaren surflariak

            “One” filmean elkarrizketatutako pertsona batek honelako segida hau azaldu zuen: Ekimenen segidak aztura ezartzen du, eta azturatik aiurria sortzen da. Eta aiurriak kultura sortzen du.

            Psikologiaren munduan, orokorrean, onartzen da munduan aritzeko turrusta guztia pizten duen lehen elementua pentsamendua dela. Horrela, pentsamendua zuzentzeko gai baldin bagara gai izango gara ere, bai gizaki bai gizatalde gisa, osasuntsuki edo patologikoki aritzera bultzatzen gaituen mekanismoa zuzentzeko ere. Halere, nire ustez, bada aldez aurretiko maila bat, emozioa.

            Errealitatea gure pentsamenduaren bitartez sortzen dugula esaten dugunean ongi ari gara, baina, nire ustez, neurri bateraino soilik. Gizakiak, egia esan, ez du ezer sortzen, etereoan dagoena jaso eta igarri besterik ez du egiten, nolabait esatearren. Etereoa esaten dudanean bost zentzumenen bitartez jaso ezina den espektro energetiko zabalaz ari naiz. Energiaren ikuspegitik gizakiak oinarrizko gailu hirukoitza du, bere garapenerako guztiz ezinbestekoa. Gailu horren bi atalak ditugu: plexu solarra eta burmuina[2].

Bi hemisferiotan “banandutako” giza burmuina antena bat da, izan ere. Etereoko maiztasun energetikoak igarri eta, jendearentzako ulergarria den hizkuntza erabiliz, sinbolikoki adierazten ditu, sozializatze prozesuan bereganatutako kode sinbolikoen bitartez. Plexu solarra, aldiz, emozioen egoitza da, antena orientatu eta maiztasun bat edo beste igarrarazten dion diala izango litzateke. Gero eta emozioa harmoniatsuagoa izan, orduan eta gertuago izango du gozamena, konexioa eta burmuinaren irekiera. Antena bezala, modu integratuan arituko da eta aukera gehiago izango du goi mailako maiztasunak igartzeko eta pentsamendu hedagarriak, sortzaileak eta bilakatzaileak izateko. Aldiz, beldur, estu eta isolatua sentitzen bada haren burmuinaren funtzionamendua eskizoideagoa izango da eta pentsamendu immobilista, hondargarriak eta atzerakoiak bereganatuko ditu.

Horrela, emozioak pentsamenduak erakartzen ditu, eta pentsamenduek, aurreko paragrafoan ikusi dugun bezala, ekimen, aztura, aiurri eta kulturen turrusta eragingo dute. Gandhi eta Hitlerren arteko desberdintasuna, baita biek giza garapenerako utzitako kulturen artekoa ere, ez datza bi pertsonaia horien gaitasun eta ahalmenetan, haien biografia emozionaletan baizik. Bi pertsona hauek sortze beretik izandako bizipen emozionalek sortu zuten haien ekimenen urratsak zeharkatu beharreko bidezidorra, haien ideologiak gauzatuko zituen bidea.

Gaurko gazteen belaunaldiak inoiz baino informazio gehiago du tabakoa eta beste drogak kontsumitzearen ondorioez; halere, inoiz baino adin gazteagotan eta ugariago kontsumitzen dira sustantzia horiek. Zer dela eta? Kontsumoa ez delako erabakitzen informazio kognitiboa edo pentsamenduaren bitartez. Txikitik bizi izandako ingurune emozionalaren kalitateak bultzatuko ditu gazteen jokabideak norabide batean ala bestean. Ez da ahaztu behar autoestimua zer den, maitatua eta balioetsia sentitu izanagatiko bizipena; ez, ordea, buruz ikasitako edo errepikatutako esaldi jakin batzuk. Errepikapen horiek, asmo onez egiten badira ere, bizipenean inolako sustrai emozionalik ez dutenez ez diote autoestimuari eragingo.

Era berean, gizakia bere osotasunean hartzen dugunean, hau da, elkarreraginean dabiltzan lau dimentsiodun sistema organiko konplexu bezala, energia erregaia dela ikusiko dugu, beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa. Lau dimentsioak zeharkatzen eta lotzen dituen erregaia, hain zuzen ere, osotasuna abian jartzen duena. Horrela, gizakiok egiten duguna ez da inoiz neutroa. Bada beti emozio bat bizi dugunaren soinu-bandarena egiten duena. Batzuetan ez dugu hautematen, egon badagoen arren ez diogulako arretarik jartzen. Izan ere, gizakia izaki emozionala da, eta emoziorik gabe ez da.

Hariarekin jarraituz, “hausnartzen dugun horretan bilakatzen gara”, esan dezakegu emozioa olatua bezalakoa dela. Errealitatearen surflariak garen gizakiok horrekin baliatuz bultzada hartzen dugu gure helburua lortzeko, gure barneko begiek, irrikaz adoretuak, begiztatzen duten xede sublimatua ala erreaktiboa eskuratzeko. Gure bizitzan gauzatutakoa nolakoak izan garen azaltzen digun ondorioa da. Eta, era berean, begiratzen dugun norabidean goaz. Hori dela eta, inguratzen gaituen ekosistema, bere zentzumenezko hedaduran (ukimenezkoa, soinuduna, ikusizkoa, usainezkoa, etab.) gure bilakaeraren ezinbesteko eltze guztiz baldintzatzailea dela esan genezake. Dena eta denok elkartuta gaude. Sabeletik zerraldoraino, nire emozioak, nire ekimenen asmoak eragindakoak, inguratzen nautenekoenekin elkarreragiten dute, aukera amaiezin guztietatik errealitate jakin bat gauzatuz. Horregatik, berebiziko garrantzia du gure buruarekiko eta besteekiko tratu ona eta dotoreziaren kultura lantzea, beste edozein diziplina lantzen den bezalaxe.

Emozioak eta sentimenduak. Ez dira gauza bera nahiz eta horrela dirudien.

            Puntu honetara iritsita zerbait azaldu beharra dago, laburrean bada ere, guztiz ezinbestekotzat jotzen baitut: emozioak eta sentimenduak ez dira gauza bera. Emozioa definitzea energia zer den azaltzea bezain zentzugabea dela uste dut. Hori dela eta, haien agerpenak banan-banan aipatuko ditut, guztira bost dira, nire aburuz: gozamena, histasuna, agresibitatea, larritasuna eta antsietatea.

            Kultura guztietan emozioen sailkapena egiten da: onak alde batetik eta txarrak bestetik. Halere, gizakiarentzat denak dira beharrezkoak. Ezin dugu bat ere baztertu, bakoitzak ezinbesteko zeregin bat betetzen baitu giza garapenean: bizirik dirauen gailu bat osatzen dute, iparrorratza moduan, iparrean gozamena edo poza duela. Gezurra badirudi ere, gizakia, funtsean, gozamena sorrarazteko iturburua da, horretara bideratuta baitago. Gozamena, lasaitasuna, kontzentrazioa eta sormena dira pertsonaren berezko egoera. Eta ez ba duzu hala uste, so egiozu ume txiki bati behar guztiak asetuta dituelarik. Eskuzabala da, atsegina, xeratsua, pozik dago, lasai eta arreta osoa interesatzen zaion horretan jarria [3]. Gozamenetik konektatu eta argiztatu egiten gara, gozamenaren bitartez gure bertsiorik onena gara baitezakegu. Eta emozioak horretarako daude, hori lortzeko, bide onetik desbideratzen garen aldiro sufrimendua sentitzen dugu, larritasuna, histasuna edota agresibitatea. Emozio horien baitan behar den mekanismoa daramate pertsona ekimenen eta pentsamenduen bitartez bideratu dadin oreka lortu arte (gozamena eta poza sentituz). Berez, bizitza hauxe baita: oreka eta krisi egoerak elkarren txandan. Alan Wattsek “Ziurtasunik ezaren jakituria” lanean maisuki adierazten duen bezala, ez dezagun sufrimendutik ihes egin, aski jakintsu izan gaitezen eta erabil dezagun gure alde, sufrimenduari aurre eginez.

            Hori guztia dela eta, giza jokabidearen berezko jarraipena honako hau izango litzateke[4] : sentitu, hausnartu eta ekin (edo ekimena saihestu) berriro sentitzeko, eta horrela behin eta berriz. Pertsonak bizipen bat kezkagarritzat jotzen duenean erantzun bat sortzen du: aurre ala ihesi egin. Erantzun hori pentsamendu eta ekimen batzuen bitartez gauzatzen da (baita jarraibide energetikoaren berregituratzearen bitartez ere). Erantzuna egokitzailea bada, bai subjektuak ulertu eta horretara egokitu egin delako, bai subjektuak egoera eraldatu duelako, oreka berreskuratuko du, gozamena eta bozkarioarekin batera. Aldiz, erantzuna ez bada egokitzailea ihesi egiten edo aurka egiten jarraituko du (agresibitatea, larritasuna, antsietatea) subjektuarentzako konponbide onuragarria lortu arte. Horrelakorik gertatu ezean, egoera berri baten aurrean egongo litzateke, emozioa geratuta tentsio eta sumin bilakatuko litzateke, sentimendu bilakatuta. Adibidez, agresibitateak bere xedea lortzen ez eta denboran aurrera geratzen denean hasierako betebeharra galtzen du eta amorru-sentimendua bilakatzen da, adierazpenaren bitartez erlaxamendua lortzeko xede bakarra duela. Eman dezagun arrotz baten erasoaren aurrean babes moduan agresibitateak[5]  ematen didan energiaz ez naizela baliatzen eta blokeatuta eta otzan gelditzen naizela, egoera bidegabe eta kaltegarri bat eroapenez jasaten. Geldiarazitako agresibitatea barruko amorrua bilatuko da eta ahal bezala adierazpide bat bilatuko du, kontrolpean ala kontrolik gabe. Ihesbide hori futbol partidaren arbitroaren ama izan daiteke, edo bikotekidea, edo kutxazaineko txiroa (muturreko kasuetan). Baina, beste hainbat modutara azal daiteke, hala nola, antsietate-krisi moduan, depresio hasiberri bezala, larruazaleko negal gisa edo gaueko bruxismo eran, izan daitezkeen ondorio gutxi batzuk aipatzearren. Hau da, agresibitatea amorru bilakatuta desagertu ahal izateko konponbide bat bilatuko du norbere buruaren edo norberegandik kanpo dagoen zerbaiten aurka joz. Horrexegatik, giza talde guztiek norbanakoen barruko amorruari irtenbidea eman ahal izateko sozialki onartutako bideak izaten dituzte[6]. Eta horrexegatik ere, suizidio asko norberaren azaleratu gabeko amorruaren adierazpen perbertsoak izaten dira.

Beraz, sentimenduak emozioen mutazioak dira, edo, bestela esanda, pertsona bakoitzaren biografia emozionalaren gauzatzea. Sentimendu guztiak ez dira beharrezkoak. Sailkapen bikoitza egin dezakegu, onuragarriak eta kaltegarriak bereiziz, hazten laguntzen ote gaituzten ala ez irizpidetzat hartuta, errealitate berrietara zabaltzen gaituzten edo, alderantziz, mugiezinik, geldirik, gero eta hotzago, motelago eta uzkurtuago diren une-gune hieratikoetan[7] ixten gaituzten. Gero eta gozamen gehiago izan nire bizitzan, orduan eta maitasun, elkartasun, eskuzabaltasun eta asertibitate gehiago landu ahal izango dut, adibide gutxi batzuk jartzearren. Gozamen gutxiago dagoenean bestelako sentimenduak agertuko dira. Hala nola, beldurra, amorrua, mendekua, nostalgia edo gorrotoa. Azken hau ikusita, zalantzarik gabe esan dezakegu ideologiak landutako sentimenduen ondorio direla. Beraz, bizitzan aurrean jartzen zaigunari bai ala ez esango diogu, hori da gizaki bakoitzak erabaki dezakeen auzi bakarra. Nabari duguna onartzeko ala ukatzeko ahalmena duten izaki bakarrak baikara.

Saurioa, felidoa eta jakintsua gereziondo loratuaren azpian esertzen dira.

            Veronikaren enigma konpondu baino lehen, garrantzizkotzat jotzen ditudan azken zertzeladak sartu nahi nituzke, eta horiekin gizakiaren emozio-munduari buruzko azalpena, ulertzen eta lantzen dudan bezala, amaituko dut.

Alde batetik, gizakiaren buruko arkitekturaren alde fisiologikoa deskribatuko dut. Giza burmuina ongi bereizitako hiru egituretan oinarritzen da, hiruak ondo bereiziak, eta, aldi berean, elkarri lotuak eta integratuak: sistema erretikularra eta ildaskatua, sistema linbikoa eta neokortexa. Esan genezake gure burmuina hiru burmuinek osatzen dutela: narrasti-burmuina, ugaztunarena eta, berez, gizatiarra. 

Narrasti-burmuina, sistema erretikularra eta ildaskatuak osatzen du, haurdunalian eta umetokitik kanpoko bizitzaren lehen asteetan orkestraren zuzendaria da. Aldi berean, “norbanakoaren eta espeziearen biziraupenerako portaeraren egoitza da. Jokabide automatikoak eta aldagaitzak eragiten ditu, aldaketei egokitzeko gaitasun gutxi dutenak. Konplexu ildaskatuak espeziaren berezko jokabideetan sartzen da (sena): eremua, ehiza, etab. (…) Narrasti-burmuinak aspaldiko arbasoen grina arketipikoen gordailua dela esaten dute, eta enbrioi-aroan guztiz osatuta dagoela, eta organismoak garapenaren seigarren astetik aurrera bizi izandako bizipenak erregistratzen dituela.”[8]

Sistema linbikoan edo behe-ugaztunarenean aurkitzen ditugu emozioak, motibazioak, hizkuntza eta memoria. Gizakia jaio eta aste batzuk pasa direnetik 7-9 urtera arte nagusitzen da ugaztunen berezko burmuin hori. Adin horretatik aurrera neokortexa bete-betean arituko da haren zeregin kudeatzailea eta integratzailea bereganatzen.

Amaitzeko, neokortexa dugu. Burmuin horri esker gaitasun abstraktuak garatzen ditugu, hala nola, enpatia, egoeren eta gauzen irudikapena, ariketa logikoak eta matematikoak, ekimen baten ondorioen aurrerapena, etab.

Arkitektura horren arabera, jakin badakigu gure buruaren garapenean lehen-lehenik saurioak garela; bigarrenik, ugaztunak; eta azkenik, eta zorte ona baldin badugu, gizakiak. Beraz, esan genezake gure baitan baditugula harmonia gehiago edo gutxiagoko elkarbizitzan narrasti bat, felido bat eta jakintsu bat. Horrek esan nahi du gizabanako bakoitzak bere garapenaren lehenengo bederatzi urteetan ekintza pentsamendua baino lehenago gertatzen dela. hau da, izaki primarioak eta oldartsuak gara, gure neokortexaren bitartez errealitatearekin metaerlazionatzeko gaitasuna ez baita guztiz eragingarria. Hori bai, adin batetik aurrera prozesua alderantzikatuko da pixkanaka, eta azkenean nerabezaro aurreko garaiaren amaieran gai izango gara ezer egin baino lehenago pentsatzeko, alegia, gure emozioaren jabe izateko[9]. Adin horietan guztiz normalak diren jokabideak urteak pasa ahala gutxiagotu eta aldatu egingo dira, beraz.

Gauzak horrela, errealitatea nolabaiteko “joko” edo “antzezlan” bilakatzen da, bi bide horietatik bat lantzeko aukera ematen dit: narrasti/ugaztunarena[10] edo gizakiarena. Nire erabaki guztiak, baita txikienak ere, izandako asmoa eta autokontzientziaren arabera, bi itsulapikoetatik batean (narrasti ala gizaki) sartzen ditudan txanpon antzekoak bilakatzen dira. Lehenengo itsulapikoa amigdalak zuzentzen du, urduritasuna sorrarazten du eta beldurraren menpekoa da. Dakigun bezala, narrasti-burmuina bizkarroi antzekoa da, haren elikagaiak: azkarregi ibiltzea, klandestinitatea, isolamendua, geldotasuna eta biktimakeria. Bigarren itsulapikoan, aldiz, lasai eta malgu dabilen horretan handitzen da, neokortexak zuzentzen du, eta ulermena eta zabalkuntza eragiten ditu. Haren ama: konfiantza, irekiera, adierazpena, lotura, jarrera gogotsua eta arduratsua. Narrasti-burmuinaren arabera jokatzen dugunean, gure buruan eta arnasketa torazikoan espetxeratuak bizi gara, iraganaren nostalgia eta etorkizunaren beldurraren menpe. Gizaki bezala jokatzen dugunean, aldiz, errealitatean barrena irristatzen gara sabel-arnasketa lagun, gure arreta osoa etengabe oraingo unean eta sentsazioan izanda, eta adimena, arreta galdu gabe, aukera posibleak irudikatzeko bakarrik erabilita.

Enigmaren konponbidea

            Aurretik azaldutako guztia ikusita, azter dezagun Veronikaren larritasunaren jatorria, bai klima-aldaketaren kasuan, bai euriborrarenean, bai krisiarenean. Zer dela eta antsietate-krisi haiek? Nola konpondu genezake haren sintomatologia? Haren antsietate-krisia aspaldiko larritasunetik zetorren, izan ere, beldurraren sentimenduan murgilduta hazi zen. Ondorioz, haren alorra hain zen aberatsa sentimendu horretan, arreta-gune bat besterik ez zuela behar beldur historiko hori “gorpuztu” ahal izateko. Normaltasunez bizi zen baldin eta beldurraren sentimendua, bere eguneroko bizitzaren erabileran berrelikatua, neurri “normalizatu” eta ezagutuan jarraitzen bazuen. Edozein gertakarik gainerako beldurra eragiten bazion, ordura arte nekez geldiarazitako urtegiak gainezka egiten zuen eta erregai emozionalaren soberakina antsietate-krisi baten bitartez drainatzen zuen. Krisiak oldarkeriaren biktima egiten zuen lau urte zituenean bezala, informazio-eredu hori finkatuta gelditu zitzaion garaia, gutxi gora behera (atxikimendu-irudien aldetik emozionalki geldiarazia ez izanagatik sortutako segurtasun-faltak eragindako beldurra), oraindik indarrean jarraitzen zuen eredua, izan ere.

            Hori guztia dela eta, Veronikaren lanak lau urrats jorratu beharko zituen. Lehen lehenik haren larritasun-maila jaitsi behar zen berehalaxe. Horretarako bi aukera erabil genitzake: zenbait teknika energetiko eta neuromuskular, inolaz ere erasotzaile ez zirenak; eta horrekin arazoa konpondu ezean, medikazioa, ikuskapen klinikoaren zaintzapean. Helburua lortu ondoren, emakumeak ulertu behar zuen zer arrazoi zeuden jokabide hori bere bizitzan hain gogorki indarrean jarraitzeko. Horrek ikuspegia aldatuko zion eta lagunduko zion beste formulak eta moduak saiatzen, zegokion heldutasunarekin bat etorriko zirenak, hain zuzen ere. Hirugarren urratsa: haren barneko nia indartu, indarra har zedila lortu. Hori guztiz beharrezkoa zen lanaren laugarren eta azken urratsari ekiteko, izua eragiten zioten egoerei aurre egin, behin eta berriro liskar arrakastatsuen segidak harengan konfiantzazko sentimendua sendotuko zutelakoan.

            Eta hala gertatu zen, lanarekin aurrera egin ahala, larritasun-sentimendua araokatuta gelditu zen, sintomatologiak pisua eta presentzia galdu zituen. Horrexegatik pertsona bat kontsultara etortzen zaidanean ez dut sintomaren aurkako jarrera hartzen. Beti errespetatzen dut. Jakin badakit eta sakonago dagoen zerbaiten agerpena dela. Ez du merezi zuhaitzaren adarra moztea, sustraiak lehortu behar zaizkio, besterik ez.

Ondorio laburra

Artikuluan azaldutakoaren ondorioz, bizi izandako historiaren adierazpena gara eta guztiz garrantzizkoa da horretaz jabetzea, historia horrek baldintzatu egiten baikaitu. Dena den, baldintzatu izanagatik ez gaude determinatuak, badugu eta itxaropenerako eta ekimenerako tarte ederra.

Kontsultan nagoelarik beti esaten dut soil-soilik biktimakeriak eta geldotasunak suntsi gaitzatekeela, beste guztia saihestu baitaiteke. Ildo beretik, gertatzen zaidana eta sentitzen dudana nire gain hartzeko erabakia hartzen ez badut, jarrera gogotsu eta arduratsu izanik beti ere. Hau da, nire esku bakarrik dauden kontuak nire gain hartzeko gauza ez banaiz, ez dut ez etorkizunik ez eta garapenik ere izango.

Ohituta gaudenez beldurrean bizitzen ez gara jabetzen errealitate ikaragarri honetaz: kontu txarren apostolu eta menpekoak gara, eta horretarako egundoko diziplina eta irmotasun itzela behar da. Norbera ez litzateke gai izango bere bizitza modu xalo eta errazean suntsitzeko. Egia esan, gure inguruan hainbeste elementu baikor izanik, behea jo ahal izateko asko saiatu beharko ginateke eta zorrozki bizimodu ezkorra, uzkurtua eta urduria landu beharko genuke.

Hazteak, garatzeak eta ondo bizitzeak lana ematen du. Aldi berean, munduan egoteko modu bat da: gure gorputzari, gure energiari, gure adimenari eta gure emozioari ematen diegun elikaduraren arduradunak gara. Kontu onak ez lantzea kontu txarrak lantzea da, ezinbestean. Gai honetan ez da erdiko biderik. Lehenengoak lantzearen alde onak hauek dira: on egiten dute, merkeak dira eta atsegin handia ematen dute.


[1] Egunero jorratzen ditugun ekimenen %80 (gutxienez) gure haurtzaroan, lehenengo 7-8 urteetan, familian, gure lehen giza laborategian, ikasitako informazio-ereduen (emozio-, harreman- eta ezagutza-) errepikapenak baino ez direlakoan nago. Eredu horiek erantzuera-jarraibide estereotipatu eta inkontzienteak dira. Lehenengo urteetan behin ikasiz gero, subjektuak  automatikoki errepikatuko ditu,  eredua ikasi zuen garaiko egoera berdinean dagoela interpretatzen duenean.  informazio-eredu horiek desaktibatzeko, nahi eta nahi ez, haiek sortu zireneko unean, subjektuak bereganatu zituen unean, izandako ulermena behar da.

[2] Gorputz kailukara.

[3] Arreta-falta duten haurrak benetan hau dira: sufritzen duten haurrak. “Etiketa” horrek arazoa haurrarengandik kanpo kokatzen du, arazo larriagoa sortuz. Haurra bere bizitzaren eragilea izan beharrean helduen munduko biktima bilakatzen da. Eta ez naiz, hain justu, gurasoen inguruan ari…

[4] Mila esker,  Zsorian Arkäin sintesi xalo eta bikain honengatik.

[5] Agresibitatea organismoaren erantzun babeslea da. Energia maila altuagoa ematen digu larri edo mehatxu bezala sentitzen den egoera bati aurre egin eta gainditu ahal izateko.

[6] Eta, bide batez, ezarritako gizarte ordenaren kuestionatzea saihesten da.

[7] Badakigu bilakatzen ez dena gain behera datorrela, eta beldurra heriotza dela.

[8]  Biología de las pasiones.- Jean Didier Vincent. Ed Anagrama.

[9] Zaldia gidatuko al dugu nahi dugun lekura iritsi ahal izateko, ala animaliaren gutizien biktima izango al gara?

[10] Hemendik aurrera narrasti hitzaz izendatuko dut.

Scroll to Top